Ez dago eskubiderik! Iñigo gogoan zaitugu!

Futbolaren jaia izan behar zuena, gure Athletic Club, Schalke 04 mendean hartu ostean, Europa League-ko final-erdietara sailkatu delako, ezbehar krudel bihurtu zaigu. Iñigo Cabacas poliziak eginiko karga bortitzaren ondoren, zentzurik gabeko pilota jaurtiketa ugariak tartean, gure taldearen garaipena ospatzen zebilela, ostegun gaueko San Mameseko partiduaren ostean. Iñigo, azken hamarkadotan, gure herria pairatzen dabilen poliziaren biolentzia gordinaren azken biktima da, demokrazia eta normaltasuna ekiditeko, neurri errepresibo eta salbuespenekoak erabiliz eta zurituz.
 

Instantzia ofizialetatik gertakizunak ezkutatzen eta manipulatzen saiatu den arren, Iñigoren heriotza azken hilabeteotan gure herria sufritzen dabilen errepresio gogorraren ondorioa da, aurreko eguneko greba orokorraren egunean, Ertzaintzak Xuban Nafarrateri Gasteizen egindako erasoa, zauri larriak eraginik, honen aurrekari tamala delarik.
 
Une lazgarri hauetan, Basauriko Bilduk, lehenengo eta behin, Iñigoren familia eta lagunei gure hurbiltasuna, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi diegu. Gertaera hauen aurrean, Basauriko Bilduk ezin larriago deritzo, Euskal Herrian dabiltzan polizia ezberdinek, arrazoirik gabeko biolentzia euskal herritarren kontra erabiltzeari. Agresiok ez dira isolatuak, euskal herritarron bake eta soluzio esperantzak ezerezean uzteko estrategiaren ondorio dira. Ikusi besterik ez dago, azken hilabeteotan, polizia ezberdinen jarduera bortitzak, jazarpenak edo errepide kontrolak zenbat ugaritu diren. 
 
Honegatik guztiagatik, Basauriko Bilduk bat egiten du, beste hainbatek egin duen bezala, Barne Kontseilaria den Rodolfo Aresen berehalako dimisioa eskatzen du, Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzule politikoa delako. Era berean, indar polizial ezberdinei dei egin nahi die gerra materialak erabiltzeari uzteko, gomazko pilotak kasu. Gainera, uste dugu susmagarri eta bereziki kezkagarri dela, ezelako azalpen ofizialik eman ez izana , Gasteizen martxoaren 29an eta aurreko ostegunean Bilbon geratutakoen inguruan
 
Basauriko Bilduk, azken gertakizunotan hildakoak eta larri zaurituak eragin dituzten azken ekintza polizialen berehalako ikerketa eta ardura zuriketa ere exijitzen ditu. Euskal gizartea nazka-nazka eginda dago errepresioan jarduten dutenen erabateko inpunitateaz.